Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaia
Nire bizitzako oroitzapen nagusienetako batzuk Azpeitia, Eibar, Hondarribia eta Donostian kokatzen dira. Gurasoek transmititu didate Gipuzkoarekiko maitasuna, gure lurraldeko hiri, herri eta auzoen izaera propioarekiko errespetua, gure hizkuntza, ohitura eta natura ederrarekiko atxikimendua. Gurasoengandik jaso ditut, baita ere, lanari lotutako balioak. Herria maite dut, herritar ororen duintasunean sinisten dut eta herrigintzak zentzua ematen dio nire bizitzari.
Lau seme-alaba gazteren ama naiz. Arduratzen nau belaunaldi berrien geroak. Maite dut itsasoa eta arrauna, animaliak eta abereak ere bai. Irakurzalea naiz eta ahal dudan guztietan lagunekin batera Hondarribia inguruko naturguneetan ibiltzea gustatzen naiz. Enpresa zientzietan lizentziatua eta nazioarteko merkataritzan aditua, euskara dut ama hizkuntza. Horrez gain, Euskal Herriko hiru hizkuntzak ongi menderatzen ditut, Bidasoaldeko herritar askok bezala. Naturaltasunez bizi ditut mugaz gaindiko harremanak; Iparraldeko erakunde eta eragileekin elkarlanak indartu egiten du Gipuzkoa. Azken lau urteotan gure lurralde osoa zeharkatu dut alderik alde, kostaldetik barrualderaino, Deba bailaratik Bidasoaraino. Bailara guztietan, aurrez aurre entzun ahal izan ditut herritarren proposamenak, ilusioak, eta, zergatik ez esan, kezkak eta kritikak ere bai. Filtrorik gabe, hutsuneez jabetu eta politikak etenik gabe hobetzeko. Sinesten dut eguneroko talde lanean, Gipuzkoan abian jarri dugun gobernatzeko modu berrian: guztiekiko errespetuan eta aniztasunean oinarritzen den politikan, herritarrekin helburuak adostu eta erabakimena partekatzen duten erabakietan. Ahalegin horretan buru-belarri saiatu naiz kudeaketan aritzea tokatu zaidanean, Batzar Nagusietako presidente bezala, nahiz Foru Aldundian diputatu gisa azken lau urteotan. Gustatzen zait berrikuntza, zorroztasunez eta eraginkortasunez gaiak jorratzea, argi hitz egitea. Etxekoek esaten didate saiatua naizela. Ziur asko, sinesten dudan horren alde gogor lan egiten dudalako, buru-belarri konprometitzen naizelako. Gogor eta zorrotz lan egingo dut aurrerantzean ere. Eraikitzeko gogoz, ilusioz eta anbizioz. Elkarlanean oinarritutako Gipuzkoa aurreratu baten alde. Hori da nire konpromisoa, gure konpromisoa.
Gipuzkoak etorkizunera begira, norabide argi batekin eta atzerapausorik gabe aurrera egiteko
Eider MENDOZA LARRAÑAGA
Maite PEÑA LOPEZ
Jasone UGARTE GARCIA DE ANDOIN
Juan Luis SILANES AGIRRE
Maria SERRANO OLASCOAGA
Lander UGARTEMENDIA MUJIKA
Elixabete MURUA MINDEGIA
Josu IGIÑIZ ETXEBESTE
Nahikari OTERMIN SOROA
Urko ITURBE OTAEGI
Loreto OSA OCÓN
Ekonomia sendo bat, enpresa sarea babestu eta kalitatezko enplegua sustatzeko. Familien ekonomia babestu eta etorkizuneko industria sektoreak garatuko ditugu.
Pertsona erdigunean, gizarte politikei bultzada berri bat emango diegu, ongizatea babestuz eta egungo eta biharko adineko pertsonen zaintza bermatuz.
Demokrazian eta lankidetzazko gobernantzan aurrera egingo dugu, gure erakundeak eta autogobernua defendatuz, politikak herritarrekin elkarlanean diseinatuz.
Lurralde oreka berdea, berriztagarriak hedatuz, landa ingurune eta lehen sektore bizi baten alde eginez eta basoen kudeaketa jasangarria garatuz.
Emakumeen eta gizonen berdintasun erreala: ardura partekatua zaintzan, berdintasun ekonomikoa eta bortizkeria matxistarik gabeko lurralde bat eraikiz.
Euskararen erabilera indartu bizitzako alor guztietan eta esparru sozioekonomikoan, elkarlana, gizarte aktibazioa eta berrikuntza ardatz hartuta.
Mugikortasun jasangarrian eta konektatuan aurrera egin, garraio publikoaren erabilera indartuz eta errepide sare iraunkorra eta adimentsua gauzatuz.
Gipuzkoako zientzia eta berrikuntza sarea sendotzen jarraitu, enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza sustatuz, digitalizazioan eta erakundeen burokrazia arintzean aurrera pausoak emanez.
Kultura demokratikoan oinarritutako lurralde anitza eta inklusiboa eraiki, pertsona orori berdintasuna, ongizatea eta lan duina bermatuko diona.
Kultur sortzaileen lana babestu eta kultura agenda indartu; gazteen aisialdi aukerak aberastu, kirolzaletasuna eta bizitza ohitura osasungarriak sustatu.